XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batzuetan, helketa eta askapen-periodoen iraupen eta kopuruaren, eta populazioen kokapen latitudinalaren artean nolabaiteko erlazioa ikusi izan da.

Mya arenaria espeziearen iparraldeko populazioetan adibidez, latitudea laburtzean luzatu egiten den eta, azkenik, toki meridionaletan bi periodotan banatu egiten den iraupen laburreko periodo bakarra agertu da (ROPES ampamp; STICKNEY, 1965).

Hala ere, populazio barnean urteen arteko desberdintasunak ikus daitezke.

Adibidez: Aulacomya ater espezieak, urtean zehar hiru bider garatzen ditu gametoen helketa eta askapen-prozesuak, hauek azaltzen direneko uneak urtez urte aldatu egiten direlarik (GRIFFTHS ampamp; KING, 1979).

Beraz, portaera-eraniztasun nabaria dagoela esan daiteke.

SASTRYren (1979) eritziz dibertsitatea kasu batzuetan, toki bakoitzeko ingurune-baldintza berezitan, espezieak azaltzen duen genotipoaren adierazpen fenotipiko desberdinei dagokio, eta beste batzuetan, espeziearen barnean, arraza fisiologiko desberdinen existentzia sorterazten duten desberdintasun genotipikoek alabehartzen dute.

Nahiz eta prozesuaren intentsitatea edota ugal zikloa osatzen duten faseen sekuentziazioaren erregulazioan partaide diren mekanismoak modu egokian ezagutu ez, jeneralki prozesu horiek ondoren azalduko diren izaera anbientala duten zenbait faktoreren arteko elkarrekintzek baldintzatzen dituztela onartzen da (BAYNE, 1975; SEED, 1976; SASTRY, 1979; LUBET, 1980-81.a).

Ugal zikloan eragina duten faktoreak A- Tenperatura Zalantzarik gabe, ugal aktibitatean eragina izan dezaketen faktore guztietan historikoki interes handiena piztu duena ingurune-tenperatura izan da.

ORTONen (1920) ustez, ugal aktibitatea gertatzen deneko tenperatur tartea espeziearen ezaugarritzat har daiteke, balio kritikoa baino tenperatura baxuagotan ugaltzea ezinezkoa gertatuko litzatekeelarik.

Hipotesi honek, ornogabe itsastarren eta zehazki bibalbioen banapen geografikoa ugal prozesuaren muga termiko espezifikoek mugatuko luketela adierazten du.

GIESEk (1959) ere, tenperaturak eta urtean zehar gertatzen diren fluktuazio termikoek bereziki, molusku bibalbioen ugal zikloen ezaugarrietan eragin erabakiorra dutela adierazi du.

Izan ere, latitude desberdinetako populazioen artean ikusitako desberdintasunak, eta ugal prozesuaren izaera zikliko berbera ere, ingurune-tenperaturarekin eta bere urtaroko aldaketekin erlazionatuta agertu da kasu askotan (SEED, 1976; LUBET, 1980-81 a).

Nolanahi ere, dagoen informazio mordoa sistematizatzea oso korapilotsua gerta daiteke.

Alde batetik, efektu termikoari dagozkion erreferentzia asko landa-ikerketetan jasoriko behaketetan oinarritzen direnez, ikerketa guztietan tenperaturarekin batera aldatzen diren eta efektu garrantzitsua sorteraz dezaketen beste zenbait ingurune-faktore aipatzen ez direlako; eta beste aldetik, ugal zikloaren fase desberdinetan faktore termikoak duen eragin desberdina konsideratzea beharrezkoa suertatuko delako.

Gametogenesiaren hasieran tenperaturak duen eraginari dagokionez, portaera-eredu bakarraz mintzatzea ez litzateke zuzena izango.

Algeriako kostaldeetan ikertutako Donax trunculus espeziean adibidez, tenperaturak ez du inolako eraginik erakusten (MOUEZA ampamp; FRENKIEL-RENAULT, 1973); Galiziako Ostrea edulis ostraren gametogenesia tenperatura baxueneko garaian hasten da (ROMAN, 1983) eta Baltiko Itsasoko Mytilus edulis muskuiluan, udazkenean, ingurune-tenperatura jaistean.